XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ispiluak ez du gezurrik esaten

Itziar, Ainhoa eta Xabier ispilu aurrean ari dira entseiatzen.

Lau egun geratzen zaizkie antzezpen egunerako.

Oso ondo prestatu behar du bakoitzak bere antzezlana, egun horretan eskola osoa bertan egongo da eta.

Zer eta Ainhoa memelarekin tokatu behar niri!, pentsatu du Itziarrek.

Ez du ideiarik ere, eta beti bezala, okertu egingo da!

Baina ez, nik ez diot lagunduko, ez horixe! Barregarri geratuko da denen aurrean!

Baina ondo merezia du, horrela ikasiko du horrek!

Badirudi ispiluak, isil-isil, Itziarren sentimenduak bere aurpegian isladatzen dakiela.

Hain dago zatarra haserretzen denean!

Ainhoa bestalde, beldur samarturik dago bere eskolakidearen alboan.

Halako lotsa bat sentitzen du barrutik, biak elkarrekin daudenean.

Ainhoaren memoria eta hitz-etorria ez dira Itziarrenak bezain onak.

Ainhoa behin eta berriz okertzen da dialogoetan, eta behin eta berriz errepikatu behar izaten du bere zatia.

Itziarrek ez, Itziarrek buruz dakizki hiru pertsonaien dialogoak.

Xabier ere ez da kaskar ibiltzen.

Amorru ematen dio bi neskekin antzeztu behar izateak, beti haserre daudelako gehien bat.

Kokoteraino dago bi neskez.

Denetan onena izatea, ez du besterik nahi.

Ez litzaioke gustatuko neskek berak baino hobeto antzeztea.

Iritsi da festa eguna...

Hiru lagunak urduri samar dabiltza.

Jaso dute azkenean teloia, eta hasi da emanaldia.

Aretoan ixiltasuna da nagusi.

Gure hiru lagunen ahotsa baino ez da entzuten.

Aretoa jendez gainezka dago.

Dena ondo hasi da, baina Itziarrek esan bezala, Ainhoa hitzik gabe geratu da.

Hiru antzezlariak ixil-ixilik daude, nahiz eta jendeartekoek ezer arrarorik nabaritu ez.

Segundo hamarren batzuk baino ez dira izan, baina nahikoa Ainhoak Itziarri laguntza eske begiratzeko.

Barrutik halako berotasun bat igarri du Ainhoak bururaino igotzen, aurpegia sutan jarri diona.